KIMUAK 2024 DEIALDIA

 

KIMUAK Eusko Jaurlaritzaren programa bat da, Etxepare Euskal Institutua eta Zineuskadiren bitartez egituratzen dena. Halaber,  Euskadiko Filmategiaren lankidetza jasotzen du film laburrak Euskal Herrian proiektatzeko.

Programa honen helburua, euskal film laburrak nazioartean sustatu eta banatzea da. Prozesu honetan hautatuak suertatzen diren film laburrak KIMUAK deiturapean jasoko dira.

Programak berak hartuko du bere gain, hamabi hilabetez, aukeraketa izen-emate tasarik gabeko zinemaldietan inskribatzea (baita KIMUAKek tasa ordainketa salbuetsita duen zenbait deialditan) eta estatuko zein nazioarteko azokatan promozionatzea.


ESKATZAILEAK

Film laburraren egileek baldintza hauetako bat bete beharko dute:

A. Zuzendaria Euskal Autonomia Erkidegoan EAE) erroldatuta egotea gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik. EAEn jaioa izanik, gutxienez 5 urtez jarraian bertan bizitakoa izan behar du, edo jarraian izan ezean, bertan bizitako garaien baturak gutxienez 10 urtekoa izan behar du.

B. Ekoizpen-etxeak EAEn izatea egoitza. Hainbat enpresaren arteko koprodukzioen kasuan, EAEko ekoizleak/ek bazkide nagusi absolutua(k) d(ir)ela egiaztatu behar du(te).

D. Nafarroako Foru Komunitateko edo Euskal Hirigune Elkargoko egile edo enpresek aurkeztutako euskarazko ekoizpenak izatea. Bi enpresen edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, eskatzaileak bazkide nagusia dela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko du.


FILM LABURREN BETEKIZUNAK

  • Film laburraren ekoizpen data 2023ko ekainaren 1etik aurrerakoa izan behar da.
  • Iraupenak 30 minututik beherakoa izan behar du.
  • Film laburrak edozein hizkuntzatan egindakoak edo elkarrizketarik gabekoak izan daitezke. Nafarroako Foru Komunitateko edo Euskal Hirigune Elkargoko egile eta enpresek aurkeztutako ekoizpenak euskarazkoak izan behar dira.
  • Lanak edozein formatutan filmatuak egon daitezke eta originalak izan behar dira. Eskubideen titularren aldetiko erreklamazio posibleen aurrean, izen-ematea egin duten pertsona fisiko edo juridikoak izango dira erantzule bakarrak.
  • Gaia eta generoa askeak dira, baina ez dira onartuko bideoklipak, fashion filmak, izaera publizitarioa duten lanak, telesailetako kapituluak edo telebistako erreportajeak. Eduki arrazista edota sexista duten ekoizpenak, zein hirugarren baten eskubideak urratzen dituztenak edo animalienganako tratu txarrak edo kalteak eragin dituztenak ere ez dira onartuko. Materiala inskribatzen duen pertsona izango da edukiaren legezko arduraduna.
  • Egile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ditzake.
  • Film laburrek komertzialki estreinatu gabeak izan behar dute. Zinemaldi baten kontestuan plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da.
  • Film laburrak KIMUAKen eskuduntzen eremuko 25 zinemalditara gehienez aurkeztu izatea onartuko da. KIMUAKen eskuduntzetatik, eta beraz mugatze honetatik kanpo geratzen dira izena emateko tasak ezartzen dituzten jaialdiak.
  • Postprodukzioa amaitu gabe duten film laburrak aurkeztea posible da, baldin eta muntaketa behin betikoa bada.
  • KIMUAKen deialdi batera aurretik aurkeztutako film laburrak ezin dira berriro aurkeztu, muntaian aldaketa esanguratsurik egin ez badute.                    

AURKEZTU BEHARREKO MATERIALA ETA AGIRIAK

Deialdian parte hartu ahal izateko, nahitaezkoa da izen-emate formularioa, behar bezala betetzea. Formularioa kimuak.basqueaudiovisual.eus webguneko eremu profesionalean aurkitzen da.

Inskripzioan honako material hauek erantsi beharko dira:

  • Film laburraren artxiboa. Elkarrizketak dituzten film laburrek ingelesezko azpitituluak izan beharko dituzte nahitaez.
  • Film laburraren fotograma bat.
  • Bizilekua EAEn, Nafarroako Foru Komunitatean edo Euskal Hirigune Elkargoan izatearen ziurtagiria (errolda agiria).
  • Zerga-betebeharrak egunean daudela ziurtatzen duen Ogasuneko egiaztagiria.
  • Film laburra zinemaldiren batera aurkeztu bada, izen-emateen, aukeraketen eta sarien zerrenda osoa.
  • Film laburra koprodukzio bat bada, filma aurkezten duen ekoiztetxea bazkide nagusi absolutua dela ziurtatzen duen adierazpen sinatua.


AURKEZTEKO MODUAK ETA EPEA

Eskaera-orria, eskatutako agiriak eta film laburra kimuak.basqueaudiovisual.eus webguneko eremu pribatuaren barruan gaituko den atalera igo beharko dira. Eremu horretan sartu ahal izateko, eskatzaileek aldez aurretik formalizatu beharko dute beren erregistroa.

Kimuak 2024 deialdiko atala 2024ko martxoaren 22ko 9:00etarik 2024ko apirilaren 21eko 23:59etara egongo da aktibatuta. Behin epea amaituta, ezin izango da informazioa edo materiala aldatu.

Eskabideak gorde eta editatu ahal izango dira behin betiko bidalketa egin arte. Formularioaren bidalketa aktibatu ondoren, ezin izango da edukian aldaketarik egin.

Apirilaren 26ra arte, aurkeztutako dokumentazioaren zuzenketa epea irekiko da. Aurkeztutako proposamenak eskatutako betekizunak biltzen ez baditu edo nahitaezko dokumentazioa falta bada, dagokionari posta elektroniko bidez eskatuko zaio beharrezko zuzenketak egitea. Zuzenketa ez zaio aplikatzen filmaren bideo-artxiboari, baloratuko den bertsioa deialdiaren epeen barruan aurkeztutakoa izango da.

Film laburren ekoizpenaren erregistro bat egiteko eta euskal ikus-entzunezko ondarea gordetzeko helburuz, hautagaitzak kimuak.basqueaudiovisual.eus webguneko datu basean gordeko dira.

Halaber, hautagaitzak Euskadiko Filmategian erregistratu beharko dira. Amaitutako film laburra erakundeak zehaztutako formatu eta epean bidaliko da. Kontaktua: Ion López, ion@filmoteka.eus.


HAUTAKETA

Aurkeztutako lanak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko hiru profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratuko da, genero aldetik orekatua izango dena. Kide bakoitza gehienez bi urtez jarraian deitua izango da.

Katalogoa gehienez zazpi film laburrez osatua egongo da. Baloraziorako adierazleak eta horien gehieneko puntuazioa honako hauek dira:

  • Film laburraren interesa, gidoiaren kalitatea eta maila teknikoa eta artistikoa: 45 puntu
  • Proposamenaren arriskua, planteamenduaren originaltasuna eta hizkuntza zinematografikoa berritzeko gaitasuna: 30 puntu
  • Nazioarteko potentziala: 25 puntu

Hautaketa osatzen duen obra orok gutxienez 70 puntu lortu beharko ditu.

Epaimahaiaren erabakiak, katalogoan genero eta hizkuntza aniztasuna zaintze aldera, honakoa bermatuko du:

  • Hautatutako film laburren %25, gutxienez, emakumezkoek zuzenduak izatea.
  • Hautatutako film laburren %25, gutxienez, euskaraz izatea.
  • Hautatutako film laburren %15, gutxienez, zuzendariaren lehen, bigarren edo hirugarren lana izatea.

Azken hautaketak, produktoreen aniztasun-irizpideei ere erantzungo die, ekoizpen-etxe edo ikastetxe beraren izenean egindako gehienez bi proposamenetara mugatuz.

Deliberazio data deialdia ixtean argitaratuko da eta hautaketaren emaitzak epaiaren hurrengo egunean emango dira jakitera.


HAUTATUTAKO FILM LABURREN KONPROMISOAK

Katalogoa, izena emateko plataformak, eta bestelako euskarriak dokumentatzeko beharrezko materiala (sinopsia, fitxa tekniko-artistikoa, zuzendari(ar)en biofilmografia, argazkia eta agiriak, filmaren argazkiak, posterra eta trailerra) webguneko eremu pribatuan hautatuentzat gaituko den formulariotik hartuko da. Formularioa behar bezala beteta egon beharko da KIMUAKek ezarritako epean.

Filmaren ekoizleek edo ordezkariek proiekzio-materiala bidali beharko dute ezarritako epearen barruan. KIMUAKen logotipoa film labur bakoitzaren hasieran sartu beharko da, euskarri guztietan.

Prozesua eta azken emaitza bateratze aldera, KIMUAK arduratuko da hautatutako filmen itzulpenen eta azpitituluen kudeaketaz. Itzulpenen kostuak KIMUAKek hartuko ditu bere gain.


AZKEN XEDAPENAK

Film labur bat KIMUAK 2024 egitasmoan hautatua izateak aipatutako katalogoan urtebetez esklusibotasunez jasoa izango dela esan nahi du, beraz, ezingo du film laburrak sustatzeko beste katalogo publiko batean parte hartu. Muga horrek ez du eraginik izango enpresa pribatuen kasuan, baldin eta enpresa horiek KIMUAKi dagozkion esparruetan jarduten ez badute (film laburrak zinema-jaialdietan eta gainerako esparruetan zabaltzea).

Hautatutako film laburren arduradunek materialak entregatzeko KIMUAKek ezarritako epeak bete beharko dituzte. Arau-hauste larria gertatuz gero, KIMUAKek filma baztertzeko erabakia hartu dezake.

Aukeratuta suertatzen diren film laburrek proiekzio eskubideak eman beharko dizkiote KIMUAKi, esklusibotasunik gabe, helburu promozionala, didaktikoa zein kulturala izan dezaketen irabazi asmorik gabeko emanaldietarako.

KIMUAKek ez du irabazi asmorik. Film laburren sustapenak eta banaketak sortutako diru-sarrera guztiak egileentzat izango dira.

KIMUAKek beretzat hartzen du informazioa isilean gorde duten film labur oro baztertzeko eskubidea.


OINARRIAK ONARTZEA

Film laburra deialdi honetara aurkezteak oinarri hauek automatikoki eta osoki onartzea dakar.

 

FAQ

  • Izena emateko epea:
    2024/03/22 - 2024/04/21
  • Garapen fasean dagoen proiektu bat inskribatu dezaket?
    Ez. Filmak amaituta aurkeztu behar dira, behin-betiko muntaketarekin.
  • Work in progress bat bidal dezaket?
    Bai, baldin eta muntaia behin betikoa bada. Film laburra aukeratuz gero, postprodukzioan bakarrik onartuko dira aldaketak.
  • Aurreko edizio batean aurkeztutako film labur bat inskribatu dezaket?
    Muntaian aldaketa nabarmenak egin badira bakarrik.
  • Film laburrak azpitituluekin aurkeztu behar dira?
    Nazioartekotzea errazte aldera, hautagaitza guztiak ingelesezko azpitituluekin aurkeztu beharko dira.
  • Feedbacka jaso dezaket?
    Ez. Epaimahaiak puntuazio-sistema baten bidez baloratzen ditu film laburrak, eta deliberazioan eskatutako gutxieneko puntuak gainditu dituztenak baino ez dira eztabaidatzen. Epaimahaiak ez du hautagaitza guztien banakako baloraziorik egiten.