65 film labur aurkeztu dira Kimuak 2019ra
2019-05-28
Aukeraketa ekainaren 11n jakinaraziko da
Pasa den ostirala, maiatzaren 24ean itxi zen Kimuaken 2019ko ediziora film laburrak aurkezteko epea. 65 izan dira izena eman duten lanak.
Aurkeztutako filmak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratu da. Honako kideek osatzen dute:
- Carlos Plaza: Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria.
- Carmen Serrano: Andaluziako Juntako ‘Cortometrajes Andaluces’ film laburren sustapen katalogoko koordinatzailea.
- Garbiñe Ortega: Punto de Vista zinemaldiko zuzendari artistikoa eta Zineleku ikus-entzunezko prestakuntza, ekoizpen eta emanaldiak egiteko proiektuko zuzendaria.
- Roberto Barrueco: Bartzelonako MECAL Nazioarteko Film Labur eta Animazio jaialdiko zuzendaria.
- Ruth Pérez de Anucita: Donostia Zinemaldiko Komunikazio Arduraduna eta Zuzendaritza Batzordeko kidea.
Asteartea, ekainaren 11n emango da jakitera Kimuaken 22. katalogoa osatuko duen aukeraketa.