
Abiatu da Kimuak 2025 aukeraketan parte hartzeko deialdia
2025-03-24
Euskal film laburrak sustatu, zabaldu eta banatzeko KIMUAK programa publikoaren 2025eko edizioan parte hartzeko deialdia zabalik dago.
Dei honetan hautatuak suertatzen diren film laburrak KIMUAK deiturapean jasoko dira eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.
Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2024ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.
Euskal Hirigune Elkargoko eta Nafarroako Foru Komunitateko euskarazko film laburrak onartuko dira. EAEko film laburren kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak izan daitezke.
Filmek komertzialki estreinatu gabeak izan behar dute, eta zinemaldi baten testuinguruan plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.
KIMUAK Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen programa bat da, 1998az geroztik Euskal Herrian ekoiztutako film laburren nazioarteko hedapena sustatzen duena. Zineuskadik kudeatu eta mundu osoko azoka eta jaialdietan banatzen du, eta Etxepare Euskal Institutuak finantzatzen du. Halaber, Euskadiko Filmategiaren lankidetza jasotzen du film laburrak proiektatzeko.
Deialdiaren oinarriak hemen kontsulta daitezke: