Aukeratu dira 2015eko laburrak

Aukeratu dira 2015eko laburrak

2015-06-08

Zazpi lanek osatuko dute katalogo berria

Zazpi dira Kimuak zigilupean aurten banatuko diren film laburrak, aurkeztutako 54 proposamenen artean egindako aukeraketaren arabera.

Aurtengo epaimahaia osatu duten kideek, hots, Amaia Serrulla –Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren koordinatzailea–; Luisma González –ALCINE, Alcalá de Henareseko Zinema Jaialdiko zuzendaria–; Mari Fran Machín –ARTIUM Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko Hezkuntza eta Jardueren koordinatzailea–; Marina Díaz –Cervantes Institutuko Zinema eta Ikus-entzunezkoen arduraduna– eta Rosa Zufíak –kazetaria eta EITB Kultura-Transit telebista saioko zuzendaria– aho batez egin dute aukeraketa.

Kimuak 2015 katalogoa honako film laburrek osatzen dute: David Gonzálezen 5 SEGUNDOS, Lander Camareroren A REVENGE STORY, Tucker Dávila Wooden DUELLUM, Mikel Gurrearen FOXES, Aitor Oñederraren I SAID I WOULD NEVER TALK ABOUT POLITICS, George Todriaren LOST VILLAGE eta Iñigo Salaberriaren LUZ A LA DERIVA. Aukeraketak genero nagusiak jasotzen ditu, ikuspegi berrien bidez landuak. Hizkuntzei dagokienez, lauk ez daukate dialogorik, bi ingelesez eginak daude eta beste bat gaztelaniaz.

David Gonzalezen 5 segundos bilbotarrak Kimuaken daukan bosgarren film laburra da, El relevo (2006), El tiempo prestado (2008), Los que lloran solos (2009) eta La calma (2011) lanen ostean. Soraya Peña eta Carlos Algaba aktoreek osatutako bikoteak liskarra izan du berriki eta Carlosek, emazteari barkamena eskatzeko, ezusteko bat prestatu dio. Egoera, ordea, laster okertzen da.

Lander Camareroren A Revenge Story hiru kontinentetan filmatuta dago, ingelesez. Bilbokoak hirugarren urtez jarraian hartzen du parte katalogoan, A Political Story (2013) eta A Serious Comedy (2014) lanekin batera planteatu duen trilogia itxiz. Azken lan honetan, Mark Figueroa aktibista eta blogger ezagunak emakume batek eragin dion mina mendekatzeko plan bat gauzatzen du.

Tucker Dávila Wood zuzendariak, bilbotarra baita, Duellum lana aurkezten du, edozein egun batean basoan gertatutako duelu bat erakusten duena. New York eta Madrilen lanean jardun eta gero, 2005ean Mankuso produkzio-etxea sortu zuen, eta honekin nazioartean arrakasta handia izan duten Los Perfeccionistas, Los 4 McNifikos eta Bodegón egin ditu. Orain El Comediante bere lehen film luzea prestatzen ari da.

Foxes Mikel Gurrea donostiarrak Ingalaterran egindako lana da. Bertan, Malcolm eta Aron aita-semeek elkar-ulertzeko borrokatzen duten bitartean, hiriko azeri bat dute atzetik. Mikel Gurreak zuzendaritza masterra burutu zuen 2011 urtean London Film Schoolen eta ordutik British Pathé, BBC Films eta Warner Bros bezalako etxeetan egin du lan. Orain Frankenjura, bere lehen film luzea, garatzen ari da.

Aitor Oñederraren I Said I Would Never Talk About Politics katalogoko animazio bakarra da. Egungo klase politikoari eginiko kritika garratza da, “Don Mariano” protagonista duena. Debako errealizadorea herri honetako Animadeba animazio jaialdiko zuzendaria da, eta ilustratzaile eta sortzaile lanetan ere dihardu.

George Todria Georgiako zuzendariaren Lost Village lana Gasteizko Kinoskopik produkzio etxeak aurkezten du, 2010ean Miguel Ángel Jiménezen Khorosho film laburrarekin parte hartu zutenak. George Todriak New Yorken eta Erroman ikasi eta lan egin ostean, zuzendari laguntzaile moduan egin du lan, batik bat. Film honetan, hustutako herri bateko biztanle bakarrak diren emakume eta gizon bat hutsik dauden zenbait etxetan argiak pizten direla konturatzen dira. Pertsonaia bakoitzak era ezberdinean erreakzionatuko du gertakari honen aurrean.

Aukeraketako azken film laburra Iñigo Salaberriaren Luz a la deriva dokumentala da. Esperimentalaren mugan kokatuz, zuzendari donostiarrak Islandiako gau luzeen erretratua egiten du, iluntasuna funtsezkoena argira ekartzen duen atze-oihal bezala erabiliz. Salaberriak historia eta estetika zinematografikoa ikasi zuen Valladolid eta Paris III unibertsitateetan eta Michel Jaffrennou, Joan Logue, William Wegman eta Ken Feingolden tailerretan aritu da laguntzaile tekniko moduan.

Kimuak adin nagusitasunera iritsiko da katalogo berri honekin. Aurkezpen ofiziala, datorren irailean izango da, Donostia Zinemaldian.