Aukeratu dira 2017ko film laburrak

Aukeratu dira 2017ko film laburrak

2017-06-13

Katalogo berria Zinemaldian aurkeztuko da

Zazpi dira Kimuak programaren 20. edizioan banatuko diren film laburrak, aurkeztutako 51 proposamenen artean egindako aukeraketaren arabera.

Aurtengo batzordea osatu duten kideek, hots, Edurne Ormazabal – EITB Arlo Komertzialeko zuzendaria–, José Luis Rebordinos –Donostia Zinemaldiko zuzendaria–, Tim Redford –Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Labur jaialdiko Nazioarteko koordinatzailea–, Amaia Revuelta –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria– eta Millán Vázquez-Ortiz –Agencia Freakeko zuzendari orokorra– honako aukeraketa osatu dute:

  1. AB ALIO, Iñigo Royo eta Iñigo Fernández Ostolaza
  2. APRIETA PERO RARAMENTE AHOGA, David P. Sañudo
  3. AREKA, Atxur Animazio Taldea
  4. EURITAN, Arantza Santesteban eta Irati Gorostidi
  5. FOR THE GOOD TIMES, Andrés Daniel Sainz
  6. LA FIEBRE DEL ORO, Raúl de la Fuente
  7. PLÁGAN, Koldo Almandoz

 

AB ALIO

Ab alio Iñigo Royo eta Iñigo Fernández Ostolaza zuzendariek elkarrekin egindako lana Ignasi Aballíren Listados collagean oinarritzen da eta maitasuna, heriotza eta eulien inguruan ardazten du istorioa.

Iñigo Royo donostiarrak Requiem eta Inventario film laburrekin hartu zuen parte Kimuaken lehen edizioetan (1999an eta 2000an, hurrenez hurren). Iñigo Fernández Ostolaza ECAMen lizentziatua da, dokumental adarrean, eta biek batera hainbat dokumental eta Quid pro quo film laburra zuzendu dituzte.


APRIETA PERO RARAMENTE AHOGA

David Pérez Sañudo zuzendari bilbotarrak eta Gasteizko Amania Films etxeak sinatzen dute terrorearen eta komedia beltzaren artean mugitzen den Aprieta pero raramente ahoga lana.

Zintan, Danielek (Adam Jezierski) ‘Sigfried’ txakurraren zaindari izateko lan elkarrizketa dauka Cosme (Fernando Albizu) jabearekin. Sigfriedek izaera basatia dauka, eta argibideak zehatz-mehatz jarraitzen ez badira, errukigabea izan daiteke.

David Pérez Sañudok zuzendaritza masterra dauka ESCACen eta egun doktoretza egiten ari da Madrilgo Complutensean eta Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere opera prima 2011ko Indirizzo saritua izan zen eta ordutik Malas vibraciones eta Artificial egin ditu, besteak beste.


AREKA

Begoña Vicariok koordinatutako proiektu hau Beti bezperako koplak (2016) lankidetza modu berean sortu da, haren lantande ia osoa errepikatuz.

Animazio ikasle, ikasle ohi eta irakasleak batzen dituen Areka Andoni Egañak Gerra Zibilean desagertarazitakoen oroimenez egindako bertso batean oinarritzen da. 80 urteko Euxebik ez du inoiz jakin aitaren hilobia non zegoen, baina bizirik mantendu du haren memoria, azkenik gorpuzkiak aurkitu dituzten arte.


EURITAN

Irati Gorostidik eta Arantza Santestebanek elkarrekin zuzendu duten Euritan dokumentalak 1985ean Itxaro Bordak idatzitako Klara eta biok narrazioa berrikustea proposatzen du, egilea bere iraganeko hitzen aurrean jarriz eta bertan azaleratzen duen euskal nortasunarekiko harreman periferikoaren begirada eguneratuz.

Irati Gorostidi Arte Ederretan lizentziatua da eta Zine Garaikidearen Ikerketan Master bat dauka (Universitat Pompeu Fabra, 2013). Arantza Santesteban iruindarra aldiz, Historian lizentziatua da eta Zinema Dokumentalean diplomatu zen Bartzelonako CCFBn. Egun, “Comunicación, cultura, sociedad y política” graduondokoan garatzen du zinemaren inguruko ikerketa lana.


FOR THE GOOD TIMES

Andrés Daniel Sainz donostiarraren For The Good Times komedia melodramatikoak euskal aktore ezagunak bildu ditu; Ramón Agirre, Klara Badiola, Iñaki Rikarte, Itziar Ituño, Aitor Beltrán eta Miren Gaztañaga dira, beste zenbaiten artean, familia protagonista osatzen dutenak.

Patriarkaren urtebetetze egunean, semeetako batek armairutik ateratzea erabaki du, senitartekoen tolerantzia probatuz. Afaltzera biltzen direnean, sorpresa gehiago ekarriko ditu, ordea.

Andrés Daniel Sainzek 2016an zuzendu zuen Haïku, bere lehen film laburra, Vidania Films produktorarekin. For the Good Times estreinatzear dela, hirugarren filma prestatzen ari da.


LA FIEBRE EL ORO

Raúl de la Fuenteren La fiebre del oro dokumentala Kanaki Films Gipuzkoako etxeak ekoiztu du.

Iruñeako zuzendariaren Minerita film laburrak Kimuaken 2013ko katalogoan parte hartu zuen eta 2014ko Goya Saria eskuratu zuen Oscarretarako finalista izatea ere lortuz.

Oraingoan, Mozambikeko meatzariengana hurbiltzen da, urrea eta gailu elektronikoetarako beharrezkoak diren mineralak erauzten dituzten lurretara. Populazioaren txirotasunak zorupeko baliabideen aberastasunarekin alderatzen ditu, bien gehiegizko esplotazioa salatuz. 


PLÁGAN

Koldo Almandoz donostiarraren Plágan labur dokumentalak, egun oso hedatua dagoen izurri baten gaineko hausnarketa egiten du, plaga honen kalte eta eragina kameraren atzetik behatuz.

Almandozek Kimuaken lehen edizioan hartu zuen parte Razielen itzulera lanarekin eta orduz geroztik hainbat film labur zuzendu ditu. 2016an Sîpo Phantasma luze dokumentala aurkeztu zuen eta egun bere bigarren film luzea prestatzen ari da.

 

Aukeraketa berriaren aurkezpen ofiziala datorren irailean izango da, Donostia Zinemaldian.