Kimuak 2026 aukeraketan parte hartzeko deialdia abian da

Kimuak 2026 aukeraketan parte hartzeko deialdia abian da

2026-04-21

FILM LABURRAK AURKEZTEKO EPEA MAIATZAREN 15ERA ARTE EGONGO DA ZABALIK

Euskal film laburrak sustatu, zabaldu eta banatzeko KIMUAK programa publikoaren deialdia ireki da. Prozesu honetan hautatutako lanak KIMUAK 2026 izenpean bilduko dira, eta gune espezializatuetan sustatuko dira, bai nazio mailan, bai nazioartean.

KIMUAKen edizio honetan hautatua izateak diru-zuzkidura ekarriko du film bakoitzaren ekoizlearentzat, banaketa-zerbitzuak kontratatzera eta horri lotutako gastuak estaltzera bideratuta.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten lanak aurkeztu beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film aurkez ditzake, betiere 2025eko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Euskararen eremu geografiko osoan eginiko euskarazko film laburrak onartuko dira deialdi honetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpenen kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak izan daitezke.

Filmek komertzialki estreinatu gabeak izan behar dute, eta gehienez ere 20 jaialditan inskribatuta egon izana onartuko da. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.basqueaudiovisual.eus webgunean daude eskuragarri.

KIMUAKek bere jarduna egungo testuingurura egokitzen du, eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarekiko konpromisoari eusten dio. Bere ibilbidearekin, euskal ikus-entzunezkoa bultzatzen eta sortzaileentzako aukerak sortzen jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzak 1998tik bultzatuta, KIMUAK programa Zineuskadi elkartearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko elkarlanaren bidez garatzen da.

Erakundeen arteko lankidetza hori jarduera-marko partekatu eta osagarri batean egituratzen da, eta katalogoaren kudeaketa integrala bermatzera eta haren irismena indartzera bideratuta dago, bai toki-esparruan, bai nazioartean. Testuinguru honetan, Zineuskadik bere gain hartzen du katalogoa osatzea eta euskararen eremu geografikoan banatu, zabaldu eta sustatzea; bestalde, Etxepare Euskal Institutuak bere kanpo-proiekzioa sustatzen du, banaketari laguntzeko politiken eta hedapen-ekintza espezifikoen bidez.

Halaber, programak Euskadiko Filmategiaren laguntza du zabalkundean.

Deialdiaren oinarriak hemen kontsulta daitezke:

KIMUAK 2026_ Deialdiaren oinarriak