‘KIMUAK 25 + 1’ saio bereziak, katalogoaren ibilbide zabala ospatzeko

‘KIMUAK 25 + 1’ saio bereziak, katalogoaren ibilbide zabala ospatzeko

2024-11-08

KIMUAKek 25 urte baino gehiago daramatza metraje laburreko euskal zinemari babesa eta ikusgarritasuna ematen, katalogoaren bidez. Hori ospatzeko, Eusko Jaurlaritzaren programa honek bi saio berezi antolatu ditu ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian.

Bertan, Etxepare Euskal Institutuaren eta Basque. Audiovisual. markaren bitartez egituratzen den eta Euskadiko Filmategiaren babesa duen katalogo honetako 12 film labur proiektatuko dira, historian zehar ekimenean parte hartu duten lanen errepasoa egiteko.
Saio berezi horietako lehena bihar, azaroak 9, egingo da, 21:30ean, Golem Alhondiga zinemetako 5. aretoan. Lehen proiekziora bertaratzen direnek ‘La primera vez’ (Borja Cobeaga, 2011), ‘Mateoren ama’ (Aitor Arregi, José Mari Goenaga, 2019), ‘Deus et Machina’ (Koldo Almandoz, 2012), ‘La Gallina ciega’ (Isabel Herguera, 2005), ‘Hotzanak, For Your Own Safety’ (Izibene Oñederra, 2013), ‘Zela Trovke’ (Asier Altuna, 2013) eta ‘El infierno’ (Raúl de la Fuente, 2019) lanak ikusteko aukera izango dute.
Bestalde, bigarren saioan proiektatuko dituzte  ‘Cuerdas’ (Estibaliz Urresola Solaguren, 2022), ‘Azaletik azalera’ (Mel Arranz, 2021), ‘Areka’ (Atxur Animazio Taldea, 2021), ‘Gure hormek’ (Las chicas del Pasaik, 2016) eta ‘Ximinoa’ (Itziar Leemans, 2023) film laburrak,  azaroaren 10ean, igandea, 17:00etan, Golem Alhondiga zinemetako 5. aretoan.

Moriarti taldea, Cobeaga, Urresola, Altuna… dira, besteak beste, katalogo honetan parte hartu duten izen handiko zinemagileak. KIMUAKetik eskerrak eman nahi dizkiegu euskal zinemagile guztiei urte guztiotan zehar eman diguten babesagatik eta konfiantzagatik, eta gure ibilbidearen parte izaten jarraitzera animatu nahi ditugu.
Jarrai dezagun bidea elkarrekin egiten!