Osatu da Kimuak 2025 aukeraketa

Osatu da Kimuak 2025 aukeraketa

2025-05-06

.

KIMUAK programaren 28. edizioaren deialdira aurkeztutako 41 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak 2025 urteko katalogoa osatzeko. Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren bitartez egituratzen den programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko dira gaurtik aurrera.

Nazioarteko hiru profesionalek osatu dute aurtengo balorazio eta hautaketa batzordea. Aitor Oñederra, Animadeba, Debako Animazio Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren fundatzailea eta zuzendaria, irakaslea da EHUko Arte Ederren Fakultatean eta arte eszeniko, zinematografiko eta musikaletarako animazioen sortzailea. Ikus-entzunezko hainbat lan zuzendu ditu, horien artean 'I Said I Would Never Talk About Politics' (2015) eta 'Ur azpian lore' (2021) film laburrak, Kimuak katalogoan aukeratuak, Alejandra Trelles, Uruguaiko Zinematekako zuzendari artistikoa eta Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiko zuzendaria da. Itzultzailea eta irakaslea, kultur kazetari eta zinema kritikari gisa kolaboratzen du Uruguaiko Brecha astekarian eta La Diaria egunkarian. Bere herrialdeko Irrati Nazionaleko 'Serendipia' saioan zutabegilea da eta irrati eta telebistako hainbat kultur saiotan kolaboratzen du. Galiziako Cineuropa Nazioarteko Jaialdiko (Santiago de Compostela) eta Festival de Cine a Pedal (Nigrán) ekitaldietako programatzailea da. Azkenik, María Juárez Directed by Women Spain jaialdiko zuzendaria da. Kultur kudeatzailea, programatzailea eta zinema jaialdietako eta ekitaldi artistikoetako produkzio-koordinatzailea da ere eta Iberseries & Platino Industria, Alcine–Alcalá de Henareseko Zinema Jaialdia, Emergente! CineLab, MAFIZ – Malagako Zinemaldia, Torino Film Lab eta Rizoma Festival ekimenetan lana egin du. Egun DocumentaMadrid, Nazioarteko Zinema Dokumentalaren Jaialdiko logistika arduraduna da, eta Matriz, Madrilgo Zinema Jaialdien Sareko zuzendaritza batzordeko kidea.

KIMUAK 2025 katalogoak fikzioa, dokumentalaren forma desberdinak eta esperimentala jasotzen ditu. Filmetako bi euskara hutsean eginak daude, beste bat euskaraz, gaztelaniaz eta marokoar darijaz, eta lauk gaztelania dute hizkuntza nagusi. Zazpi film laburretatik hiru emakumeek zuzendu dituzte eta beste bat talde misto batek egin du. Aukeratutako izenburuetako bi egileen lehen edo bigarren lanak dira.

Honako hauek dira hautatutako zazpi film laburrak:

DICEN QUE TU PADRE

Aitor Abio (Durango, 2000) bizkaitarraren bigarren film laburra da ‘Dicen que tu padre’. Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua Mondragon Unibertsitatean, gaur egun ECPVn zuzendaritza zinematografikoko diplomatura egiten ari da. Ikasketa horien barruan zuzendu ditu bere bi filmak; ‘Patrimonio’, bere opera prima, Kimuak 2024ko hautaketaren parte izan zen. 

Fikzio honetan, Izaro Nieto eta Iñigo Salinero aktoreak jartzen ditu aurrez aurre. Izaro ahizpa txikia babesten saiatzen da, haien aitaren inguruko eskandalu batetik kanpo mantenduz. Aitak, ordea, ez du gaiaz hitz egin nahi.

EL REGALO

Lara Izagirre Garizurietak Desirée Clavería Duval, Samara Jiménez Vega eta Aurora Cortés Clavería zuzendu ditu fikzio garaikide honetan. Aurora, Dessi eta Samara, ijito emakume hirukotea, Bilboko erdigunera jaisten da Sarai ilobari urtebetetze oparia erostera.

‘El regalo’ zuzendari, gidoilari eta ekoizle zornotzarrak (1985) Kimuaken duen lehen film laburra da, nahiz eta ekoizle moduan ‘Ya no duermo’ (Marina Palacio, Kimuak 2020) eta ‘Cuerdas’ (Estibaliz Urresola Solaguren, Kimuak 2022) obrekin parte hartu duen aurretik. Bere fikziozko lehen film luzea, ‘Un otoño sin Berlin', 2015ean estreinatu zen Donostia Zinemaldian, eta  hurrengo urtean, Irene Escolar aktore protagonistak emakumezko aktore berri onenaren Goya saria irabazi zuen. ‘Nora' (2020), bere bigarren film luzea, Donostia Zinemaldian proiektatu zen ere, eta 2023an ‘Pelikula baten bila' film laburra estreinatu zuen ZINEBI jaialdiko Bertoko Begiradak sailean. Bere lehen film luze dokumentala, ‘Empoderío’, 2025eko Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu da. Egun ‘Yerma' fikziozko film luzearen gidoia idazten ari da, María Goiricelayarekin batera.

ERREKA ZOKO HORTAN

Ekaitz Bertiz (Sunbilla, 2003) zinemagile nafarra ESCAC-en (Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunya) formatu da. Hainbat film labur zuzendu ditu, tartean ‘Eklipsi morala’, ‘Baserria hartu du gaitzak’ eta ‘Hitza eman nion’, nazio zein nazioarteko jaialdietan ibilbidea izan dutenak.  Bere lanek euskal mitologian dute oinarria eta errealismoa, fantasia eta beldurrezko generoa uztartzen dituzte, betiere landa eta baserri ingurunearekiko identitate, memoria eta lotura mantenduz.

Lorena Mariñelarenak, Aroa Bertizek eta Saioa Mariñelarenak osatzen dute ‘Erreka zoko hortan’ filmeko aktore-multzoa. Joxepik, Iparragirre baserriko alaba zaharrenak, aita eriondoaren lana egin beharko du: pakete astun bat garraiatu kontrabandoan Frantziako mugaren beste aldera. Gau ilunean, karabineroak ez dira basoak ezkutatzen duen gauzarik maltzurrena.

HABANA INDUSTRIAL

Gaua heltzean, energia elektriko aldakor batek argitzen ditu Habanako (Kuba) kaleak., ‘ravetan’ musika-ekipoak funtzionarazteko balio duen energia berak. Gazte talde bat, huts guztien lekuko, hirian zehar noraezean dabil delirioen, konspirazioen eta apatien artean, hiria gero eta ilunago geratu ahala.

Ainhoa Ordóñez Yraolagoitia gasteiztarrak (1996) Habanako zirrikituak zeharkatu ditu dokumental honen sorreran. Bilboko ECPV eskolan zuzendaritza ikasi ondoren, argazki zuzendaritzan trebatu zen zuen Madrilgo Zinema Institutuan eta, jarraian, Kubako EICTVn dokumentalgintzan espezializatu zen. Egun, proiektu dokumental ezberdinetan eta ez-fikzioko irakasle gisa lan egiten du.

LAS MANCHAS DEL JAGUAR

Ricardo del Conde zinemagile, ekoizle eta programatzaileak bere alabaren gaixotasunarekin izandako esperientzia kontatzen du lehen pertsonan, eta esperimentazioaren bidez ‘Las manchas del jaguar’ (‘Jaguarraren orbanak’) lanean hartzen du forma: «Oroimena hauskorra da, eta nirea, agian, are hauskorragoa. Ez ahazteko moduko notak edo pistak eraikitzen ditut, baina, aldi berean, heriotzaren atalasea zeharkatzen laguntzen didate». Iunek, Ricardoren alabak, 7 urte ditu eta rabdomiosarkoma batetik bizirik atera da. Esperientzia sendatzeko, lau aldiko erritual bat eraiki du, lau norabidetan. Mexikora itzultzeko bidea abstraktua eta nahasia izaten ari da, baina sinboloz eta esanahiz betea. Zuzendariaren ohar gorabeheratsu baina batzuetan metodiko eta sistematikoetatik eraikitzen da zinema hedatuaren esperientzia hau.

Ricardo del Conde Mexiko Hirian jaio zen 1985ean. UAEMen (Mexiko) Arteetan lizentziaduna eta zinema-sorkuntzan espezializatua, 2005etik zinema dokumentalean dihardu. ‘Espantapájaros' opera primarekin IMCINEren Errealizazio Dokumentalaren laguntza jaso zuen eta DOCTV Latinoamerica III irabazi zuen. 2022an ‘Hacia la Niebla' estreinatu zuen L'Alternativa jaialdian. Gaur egun, ‘Mundu hobeago bat' bere bigarren film luzea garatzen ari da. Artículo19 giza eskubideen nazioarteko erakundearekin lankidetzan aritu da hainbat proiektutan, tartean 'Impunidad mata' telesaila. EmergenciaMX plataformaren Medios Libres ikus-entzunezko kolektiboaren sortzaileetako bat da. La Carreta Cine Móvil eta Eco-Cinema México ere fundatu zituen, biak ala biak aitzindariak Mexikoko zinema-emanaldi alternatibo eta ibiltarian. 2016az geroztik Euskal Herrian bizi da, eta hainbat proiektu komunitarioren kultur sustatzailea da, hala nola Zinelekurena eta Gaztefilmfest jaialdiarena. Kalakalab ekoiztetxearekin Mel Arranzen ‘Azaletik Azalera 'animazioa aurkeztu zuen, 2021eko Kimuak katalogoan hautatua.

SUEÑOS DE VIERNES

Lekuz aldatu, ibili, igeri eta aurrera egiten duten gorputzei buruz hitz egiten du ‘Sueños de viernes’ (‘Ostiraletako ametsak’) dokumentalak. Elkar lagundu, komunikatu eta antolatzen diren gorputzak dira. Mugimendu konplexuek gorputzetan erregistratzen dituzte oztopoak, mugak, agurrak, hormak, familia, itxaropenak, iritsiera. Leku aldaketa eta bidaia, potentzia, aukera eta etorkizun gisa agertzen dira.

Film kolektibo hau Harrotu Ileak taldeak sortu du, egoera zaurgarrian bizi diren gazteen, Donostiako Tabakalera zentroaren eta hainbat artisten arteko lankidetza-gune gisa planteatutako proiektua. Berrogei lagunek baino gehiagok hartu dute parte Maite Alonso eta Unai Ruiz Zine–Lab sorkuntza, ekoizpen, esperimentazio eta proiekzio zinematografiko independenteko laborategien laguntzarekin osatutako lantaldean.

ULTRAMARINO

Zion Arakistain, Mariasun Pagoaga eta Iraia Eliasek osatutako familia da ‘Ultramarino 'filmeko protagonista, Pasai Donibaneko kaleetan filmatutako fikzioa. Zazuk, nerabezaroaren atarian eta bere nortasunaren bila dabilela, herriko festan aurrez zehaztutako rol bat betetzearen edo bere sentimenduei leial izatearen artean aukeratu behar du.

Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmottiren lehen filma Bilboko DOXA Producciones enpresak ekoitzi du, eta proiektu gisa parte hartu zuen (H)emen (H)ere elkartearen Aukera mentoretza programaren 2022ko edizioan.

Maren Zubeldia (Donostia, 1995) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Lan teknikoak egin ditu Tabakalerako zinema sailean eta Donostia Zinemaldian, eta programatzaile gisa lan egiten du Zinegoaken, Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdian. Programazioarekin batera, zuzendari-laguntzaile-lanak ere egiten ditu eta, besteak beste, ‘Ventajas de viajar en tren', ‘American Carnage', ‘Hil kanpaiak', ‘Érase una vez en Euskadi', ‘La fortuna', ‘Maixabel', ‘Irati', ‘20.000 erle espezie', ‘La ermita', ‘Querer', ‘Los Domingos' edo ‘Así seguirán las cosas' ikus-entzunezkoetan aritu da.

Silvina Guglielmotti (Buenos Aires, Argentina, 1972) Irudi eta Soinu Diseinuan trebatu zen Buenos Airesko Unibertsitatean. Ekoiztetxe txiki bat sortu zuen ikasten zebilela, eta hainbat enpresatarako pieza instituzionalak garatu zituen, ikus-entzunezko engranajea osatzen duten arloak ezagutuz. 2004an Espainiara aldatu zen, eta Globomediarako lan egin zuen hainbat telebista-fikziotako zuzendaritza sailean. Euskal Herrira bizitzera etortzean hurbiltzen da zinemara, eta hainbat filmetako kide da betiere zuzendaritza taldean. ‘Cuando dejes de quererme', ‘Akelarre', ‘Érase una vez en Euskadi', ‘Maixabel', ‘Ilargi guztiak', ‘ 20.000 erle espezie' eta ‘Una ballena' obratan lan egin du, bestak beste.