KIMUAK 2025 DEIALDIA

 

KIMUAK Eusko Jaurlaritzaren programa bat da, Etxepare Euskal Institutua eta Zineuskadiren bitartez egituratzen dena. Halaber, Euskadiko Filmategiaren lankidetza jasotzen du film laburrak Euskal Herrian proiektatzeko.

Egitasmo honen helburua, euskal film laburrak nazioartean sustatu eta banatzea da. Prozesu honetan hautatuak suertatzen diren film laburrak KIMUAK deiturapean jasoko dira. Programak berak hartuko du bere gain, hamabi hilabetez, aukeraketa izen-emate tasarik gabeko zinemaldietan inskribatzea (baita KIMUAKek tasa ordainketa salbuetsita duen zenbait deialditan) eta estatuko zein nazioarteko azokatan promozionatzea.


ESKATZAILEAK

Film laburraren egileek baldintza hauetako bat bete beharko dute:

  1. Zuzendaria Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) erroldatuta egotea gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik. EAEn jaioa izanik, gutxienez 5 urtez jarraian bertan bizitakoa izan behar du, edo jarraian izan ezean, bertan bizitako garaien baturak gutxienez 10 urtekoa izan behar du.
  2. Ekoizpen-etxeak EAEn izatea egoitza. Hainbat enpresaren arteko koprodukzioen kasuan, EAEko ekoizleak/ek bazkide nagusi absolutua(k) d(ir)ela egiaztatu behar du(te).
  3. Nafarroako Foru Komunitateko edo Euskal Hirigune Elkargoko egile edo enpresek aurkeztutako euskarazko ekoizpenak Bi enpresen edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, eskatzaileak bazkide nagusia dela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko du.


FILM LABURREN BETEKIZUNAK

  • Ekoizpen data 2024ko ekainaren 1etik aurrerakoa izan behar da.
  • Guztizko iraupena 30 minututik beherakoa izan behar da, kredituak barne.
  • Film laburrak edozein hizkuntzatan egindakoak edo elkarrizketarik gabekoak izan daitezke. Nafarroako Foru Komunitateko edo Euskal Hirigune Elkargoko egile eta enpresek aurkeztutako ekoizpenak euskarazkoak izan behar dira.
  • Lanek originalak izan behar dute, egilearen arrastoa islatzen dutelarik. Obra egokituak onartuko dira. Egileak Adimen Artifizialaz baliatu daitezke sortze prozesuan, baina azken idazketak giza egiletzakoa izan behar du osorik. Eskubideen titularren aldetiko erreklamazio posibleen aurrean, izen-ematea egin duten pertsona fisiko edo juridikoak izango dira erantzule bakarrak.
  • Ekoizpenak edozein formatutan filmatuak egon daitezke. Gaia eta generoa askeak dira, baina ez dira onartuko bideoklipak, fashion filmak, publizitate-izaera duten lanak, telesailetako kapituluak edo telebistako erreportajeak. Eduki arrazista edota sexista duten filmak, zein hirugarren baten eskubideak urratzen dituztenak edo animalenganako tratu txarrak edo kalteak eragin dituztenak ere ez dira onartuko. Materiala inskribatzen duen pertsona izango da edukiaren legezko arduraduna.
  • Egile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ditzake.
  • Ekoizpenek komertzialki estreinatu gabeak izan behar dute. Zinemaldi baten kontestuan plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da.
  • Film laburrak KIMUAKen eskuduntzen eremuko 25 zinemalditara gehienez aurkeztu izatea onartuko da. KIMUAKen eskuduntzetatik, eta beraz mugatze honetatik kanpo geratzen dira izena emateko tasak ezartzen dituzten jaialdiak.
  • Postprodukzioa amaitu gabe duten film laburrak aurkeztu daitezke, betiere muntaketa behin betikoa
  • KIMUAKen deialdi batera aurretik aurkeztutako lanak ezin dira berriro aurkeztu, muntaian aldaketa esanguratsurik egin ez badute.
                         

AURKEZTU BEHARREKO MATERIALA ETA AGIRIAK

Deialdian parte hartu ahal izateko, nahitaezkoa da izen-emate formularioa, behar bezala betetzea. Formularioa kimuak.basqueaudiovisual.eus webguneko eremu pribatuan aurkitzen da.

Inskripzioan honako material hauek erantsi beharko dira:

  • Film laburraren artxiboa. Elkarrizketak dituzten film laburrek ingelesezko azpitituluak izan beharko dituzte nahitaez.
  • Film laburraren fotograma bat.
  • Bizilekua EAEn, Nafarroako Foru Komunitatean edo Euskal Hirigune Elkargoan izatearen ziurtagiria (errolda agiria).
  • Zerga-betebeharrak egunean daudela ziurtatzen duen Ogasuneko egiaztagiria.
  • Film laburra zinemaldiren batera aurkeztu bada, izen-emateen, aukeraketen eta sarien zerrenda osoa.
  • Film laburra koprodukzio bat bada, filma aurkezten duen ekoiztetxea bazkide nagusi absolutua dela ziurtatzen duen adierazpen sinatua.

AURKEZTEKO MODUAK ETA EPEA

Eskaera-orria, eskatutako agiriak eta film laburra kimuak.basqueaudiovisual.eus webguneko eremu pribatuaren barruan gaituko den atalera igo beharko dira. Eremu horretan sartu ahal izateko, eskatzaileek aldez aurretik formalizatu beharko dute beren erregistroa.

Kimuak 2025 deialdiko atala 2025eko martxoaren 24ko 12:00etatik 2025eko apirilaren 23ko 12:00etara egongo da aktibo. Epe horretatik kanpo, ezin izango da informazioa edo materiala aldatu.

Eskabideak gorde eta editatu ahal izango dira behin betiko bidalketa egin arte. Formularioaren bidalketa aktibatu ondoren, ezin izango da edukian aldaketarik egin.

Apirilaren 30era arte, aurkeztutako dokumentazioaren zuzenketa epea irekiko da. Aurkeztutako proposamenak eskatutako betekizunak biltzen ez baditu edo nahitaezko dokumentazioa falta bada, dagokionari posta elektroniko bidez eskatuko zaio beharrezko zuzenketak egitea. Zuzenketa ez zaio aplikatzen filmaren bideo-artxiboari, baloratuko den bertsioa deialdiaren epeen barruan aurkeztutakoa izango da.

Film laburren ekoizpenaren erregistro bat egiteko eta euskal ikus-entzunezko ondarea gordetzeko helburuz, hautagaitzak kimuak.basqueaudiovisual.eus webguneko datu basean gordeko dira.

Halaber, hautagaitzak Euskadiko Filmategian erregistratu beharko dira. Amaitutako film laburra erakundeak zehaztutako formatu eta epean bidaliko da. Kontaktua: Ion López, ion@filmoteka.eus.


HAUTAKETA

Aurkeztutako lanak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko hiru profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratuko da, genero aldetik orekatua izango dena. Kide bakoitza gehienez bi urtez jarraian deitua izango da.

Katalogoa gehienez zazpi film laburrez osatua egongo da. Baloraziorako adierazleak eta horien gehieneko puntuazioa honako hauek dira:

  • Film laburraren interesa, gidoiaren kalitatea eta maila teknikoa eta artistikoa: 45 puntu
  • Proposamenaren arriskua, planteamenduaren originaltasuna eta hizkuntza zinematografikoa berritzeko gaitasuna: 30 puntu
  • Nazioarteko potentziala: 25 puntu

Hautaketa osatzen duen obra orok gutxienez 70 puntu lortu beharko ditu.

Katalogoan genero, hizkuntza eta eskarmentu aniztasuna zaintze aldera, epaimahaiaren erabakiak honakoa hartuko du gogoan:

  • Hautatutako film laburren %25ek, gutxienez, zuzendarien genero aniztasuna bermatuko dute.
  • Hautatutako film laburren %25, gutxienez, euskaraz eginak izango dira.
  • Hautatutako film laburren %15, gutxienez, zuzendariaren lehen, bigarren edo hirugarren lana izango dira.

Azken hautaketak, produktoreen aniztasun-irizpideei ere erantzungo die, ekoizpen-etxe edo ikastetxe beraren izenean egindako gehienez bi proposamenetara mugatuz.

Deliberazio data deialdia ixtean argitaratuko da eta hautaketaren emaitzak epaiaren hurrengo egunean emango dira jakitera.


HAUTATUTAKO FILM LABURREN KONPROMISOAK

Katalogoa, izena emateko plataformak, eta bestelako euskarriak dokumentatzeko beharrezko materiala (sinopsia, fitxa tekniko-artistikoa, zuzendari(ar)en biofilmografia, argazkia eta agiriak, filmaren argazkiak, posterra eta trailerra) webguneko eremu pribatuan hautatuentzat gaituko den formulariotik hartuko da. Formularioa behar bezala beteta egon beharko da KIMUAKek ezarritako epean.

Prozesua eta azken emaitza bateratze aldera, KIMUAK arduratuko da hautatutako filmen itzulpenen eta azpitituluen kudeaketaz. Itzulpenen kostuak KIMUAKek hartuko ditu bere gain.

Filmaren ekoizleek edo ordezkariek proiekzio-materiala bidali beharko dute ezarritako epearen barruan. KIMUAKen logotipoa film labur bakoitzaren hasieran sartu beharko da, euskarri guztietan.

Hautatutako film laburren arduradunek materialak entregatzeko KIMUAKek ezarritako epeak bete beharko dituzte. Arau-hauste larria gertatuz gero, KIMUAKek filma baztertzeko erabakia hartu dezake.

Hautatutako film laburrek beren proiekzio eskubideak laga beharko dizkiote KIMUAKi, esklusibotasunik gabe, helburu promozionala, didaktikoa zein kulturala izan dezaketen irabazi asmorik gabeko emanaldietarako.


ESKLUSIBOTASUNA

Film labur bat KIMUAK 2025 egitasmoan hautatua izateak aipatutako katalogoan urtebetez esklusibotasunez jasoa izango dela esan nahi du, eta beraz, ezingo da izaera publikoko beste ezein katalogoren parte izan. Muga horrek ez die eragiten enpresa pribatuen katalogoei, zeintzuk film laburren taldeek kontrata ditzaketen banaketan laguntzeko eta KIMUAKen eremukoak ez diren prozesuak kudeatzeko (tasen salbuespenik gabeko ordainpeko deialdietan izena ematea, salmentak eta urteko sarien prozesuak kudeatzea, etab.).

KIMUAKen hautatutako film laburren taldeek kontratatutako banaketa-enpresa pribatu orok (aurrerantzean, banatzailea) honako konpromiso hauek onartu eta bete beharko ditu:

  • KIMUAKek banaketarako estrategia pertsonalizatua diseinatuko du film laburraren taldearekin eta banatzailearekin batera, eta alde bakoitzak bere gain hartu beharreko funtzioak ezarriko ditu.
  • Banatzaileak ez du inskripziorik egingo estrategiaren diseinuan KIMUAKi esleitutako jaialdietan, erregistroak bikoiztu ez daitezen.
  • Banatzaileak bere txosten osoak partekatu beharko ditu KIMUAKek zehaztutako periodikotasunean. KIMUAKek ere, bere aldetik, aldizkako txosten bat partekatuko du film laburraren lantaldearekin eta banatzailearekin.
  • Banatzaileak KIMUAKek onetsitako sustapen eta proiekzio materialak erabili beharko ditu. Material horiek programaren logotipoa izan beharko dute euskarri guztietan.

Film laburraren lantaldeak bermatu eta gainbegiratu beharko du banatzaileak konpromiso horiek betetzen dituela. Edozein gatazka KIMUAKek ebatziko du.

AZKEN XEDAPENAK

KIMUAKek ez du irabazi asmorik. Film laburrak jaialdietan sustatu eta banatzeagatik sortutako diru-sarrera guztiak egileei emango zaizkie oso-osorik.

KIMUAKek beretzat hartzen du informazioa isilean gorde duten film laburrak baztertzeko eskubidea.

OINARRIAK ONARTZEA

Film laburra deialdi honetara aurkezteak oinarri hauek automatikoki eta osoki onartzea dakar.

 

      
     FAQ

  • Izena emateko epea:
    2025/03/24 - 2024/04/23
  • Garapen fasean dagoen proiektu bat inskribatu dezaket?
    Filmak amaituta aurkeztu behar dira, behin betiko muntaketarekin.
  • Work in progress bat bidal dezaket?
    Bai, baldin eta muntaketa behin betikoa bada. Film laburra hautatuz gero, postprodukzioan bakarrik onartuko dira aldaketak.
  • Aurreko edizio batean aurkeztutako film labur bat inskribatu dezaket?
    Muntaian aldaketa nabarmenak egin badira bakarrik. Kasu hauetan, aurrez aurkeztutako materiala kontrastatuko da.
  • Film laburrak azpitituluekin aurkeztu behar dira?
    Nazioartekotzea errazte aldera, hautagaitza guztiak ingelesezko azpitituluekin aurkeztu beharko dira.
  • Feedbacka jaso dezaket?
    Epaimahaiak puntuazio-sistema baten bidez baloratzen ditu film laburrak, eta deliberazioan eskatutako gutxieneko puntuak gainditu dituztenak baino ez dira eztabaidatzen. Epaimahaiak ez du hautagaitza guztien banakako baloraziorik egiten.