KIMUAK 2026 DEIALDIA


Eusko Jaurlaritzak 1998tik bultzatzen duen KIMUAK programa, euskal film laburrak sustatu, zabaldu eta banatzekoa, Zineuskadi elkartearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko elkarlanaren bidez garatzen da.

Erakundeen arteko lankidetza hori jarduera-marko partekatu eta osagarri batean egituratzen da, eta katalogoaren kudeaketa integrala bermatzera eta haren irismena indartzera bideratuta dago, bai toki-esparruan, bai nazioartean. Testuinguru honetan, Zineuskadik bere gain hartzen du katalogoa osatzea eta euskararen eremu geografikoan banatu, zabaldu eta sustatzea; bestalde, Etxepare Euskal Institutuak bere kanpo-proiekzioa sustatzen du, banaketari laguntzeko politiken eta hedapen-ekintza espezifikoen bidez.

Halaber, programak Euskadiko Filmategiaren laguntza du zabalkundean.


DEIALDIAREN XEDEA ETA HELBURUA

Prozesu honek, izaera kulturala duena, KIMUAK 2026 katalogoa eratuko duten film laburrak hautatzea du xede. KIMUAK programaren helburua hautatutako lanak sustatu, zabaldu eta banatzea da, bai Euskal Herrian bai estatu eta nazioarte mailan, zirkuitu eta espazio espezializatuetan presentzia emanez, eta horrela, euskal film laburraren proiekzioa eta ikusgarritasuna indartuz.

KIMUAKen 2026ko edizioan hautatua izateak 4.000,00 euroko zuzkidura ekarriko du film laburraren ekoizlearentzat. Zenbateko hori, alde batetik, film laburraren banaketarekin lotutako gastuak finantzatzera bideratuko da; zehazki, banaketa-zerbitzuak kontratatzera eta euskararen eremu geografikotik kanpo egiten diren jaialdietan izena ematera, dagozkion inskripzio-tasak barne. Bestetik, jarduera horri lotutako materialak ekoizteko eta beharrezko bestelako zerbitzuak kontratatzeko gastuak finantzatzera ere bideratuko da.


ESKATZAILEAK

Pertsona edo erakunde eskatzaileek film laburrak aurkeztu ahal izango dituzte, baldin eta, gutxienez, baldintza hauetako bat betetzen badute:

  1. Zuzendaria Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) erroldatuta egotea gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik. EAEn jaioa izanik, gutxienez 5 urtez jarraian bertan bizitakoa izan behar du, edo jarraian izan ezean, bertan bizitako garaien baturak gutxienez 10 urtekoa izan behar du.
  2. Ekoizpen-etxeak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izatea egoitza. Hainbat enpresaren arteko koprodukzioen kasuan, EAEko ekoizleak/ek bazkide nagusi absolutua(k) d(ir)ela egiaztatu behar du(te).
  3. Nafarroako Foru Komunitateko edo Euskal Hirigune Elkargoko egile edo enpresek aurkeztutako euskarazko ekoizpenak izatea. Bi enpresen edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, eskatzaileak bazkide nagusia dela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko du.


FILM LABURREN BETEKIZUNAK

  • Ekoizpen data 2025eko ekainaren 1etik aurrerakoa izan behar da.
  • Guztizko iraupena 30 minututik beherakoa izan behar da, kredituak barne.
  • Postprodukzioa amaitu gabe duten film laburrak aurkeztu daitezke, betiere muntaketa eta iraupena behin betikoak badira.
  • Gehienez 20 zinemalditan inskribatu diren lanak onartuko dira.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan ekoiztutako film laburrak edozein hizkuntzatan eginikoak edo elkarrizketarik gabekoak izan daitezke. Nafarroako Foru Komunitateko edo Euskal Hirigune Elkargoko egile edo enpresek aurkeztutako lanak euskaraz eginak izan beharko dira.
  • Zinegileek eta ekoizpen-etxeek nahi adina film labur aurkez ditzakete. Hala ere, behin betiko hautaketaren barruan, zinegile bakoitzaren film labur bakarra sartuko da; produkzio-enpresen kasuan, erakunde bakoitzeko gehienez bi film labur aukeratuko dira.
  • Lanak originala izan beharko du, egilearen arrastoa eta ikuspegia islatzen dituen aldetik, eta obra egokituak ere onartuko dira. Egiletza adimen artifizialeko tresnetan oinarritu ahal izango da sortze-prozesuan, baina azken idazketak giza egiletzakoa izan behar du osorik. Eskubideen titularrek egin ditzaketen erreklamazioen aurrean, izen-ematea egin duten pertsona fisiko edo juridikoak izango dira erantzule bakarrak.
  • Ekoizpenak edozein formatutan filmatu daitezke. Gaia eta generoa askeak dira, baina ez dira onartuko bideoklipak, fashion filmak, izaera publizitarioa duten lanak, telesailetako kapituluak edo telebistako erreportajeak. Eduki arrazista edota sexista duten filmak, zein hirugarren baten eskubideak urratzen dituztenak edo animalei tratu txarrak edo kalteak eragin dietenak ere ez dira onartuko. Materiala inskribatzen duen pertsona izango da edukiaren legezko arduraduna.
  • Hautaketa-prozesu hau amaitu bitartean, film laburra ezin izango da komertzialki estreinatu, ez eta telebistan, Interneten edo eskari azpiko bideo-plataforma komertzial edota irekietan zabaldu ere.
  • KIMUAK programaren aurreko edizioetan aurkeztutako lanak ezingo dira berriz aurkeztu, muntaian aldaketa esanguratsurik egin ez badute.

AURKEZTU BEHARREKO MATERIALA ETA AGIRIAK

Deialdian parte hartu ahal izateko, nahitaezkoa da izen-emate formularioa behar bezala betetzea. Formularioa kimuak.basqueaudiovisual.eus webguneko eremu pribatuan dago eskuragarri.

Inskripzioan honako material hauek erantsi beharko dira:

  • Film laburraren artxiboa. Elkarrizketak dituzten film laburrek nahitaez ingelesezko azpitituluak izan beharko dituzte.
  • Film laburraren fotograma bat.
  • Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean edo Euskal Hirigune Elkargoan izatearen ziurtagiria (errolda agiria).
  • Zerga-betebeharrak egunean daudela ziurtatzen duen Ogasunaren ziurtagiria.
  • Film laburra zinemaldiren batera aurkeztu bada, izen-emate, hautaketa eta sarien zerrenda osoarekin sinatutako adierazpena.
  • Film laburra koprodukzioa bada, filma aurkezten duen ekoiztetxea bazkide nagusi absolutua dela egiaztatzen duen adierazpen sinatua.

 
ESKABIDEAK AURKEZTEA ETA EPEAK

Eskaera-orria, eskatutako agiriak eta film laburra kimuak.basqueaudiovisual.eus webguneko eremu pribatuaren barruan gaituko den atalera igo beharko dira. Eremu horretan sartzeko, eskatzaileek aldez aurretik beren erregistroa formalizatu beharko dute.

KIMUAK 2026 deialdiko atala 2026ko apirilaren 21eko 12:00etatik 2026eko maiatzaren 15eko 12:00etara egongo da aktibo. Epe horretatik kanpo ezin izango da informazioa edo materiala aldatu.

Eskabideak gorde eta editatu ahal izango dira behin betiko bidalketa egin arte. Formularioaren bidalketa aktibatu ondoren, ezin izango da edukian aldaketarik egin.

Maiatzaren 22ra arte, aurkeztutako dokumentazioa osatzeko epea irekiko da. Proposamen batean nahitaezko dokumentazioa falta bada, dagokionari posta elektroniko bidez eskatuko zaio beharrezko zuzenketak egitea. Zuzenketa ez zaio aplikatuko filmaren bideo-artxiboari; baloratuko den bertsioa deialdiaren epeen barruan aurkeztutakoa izango da.

Film laburren ekoizpenaren erregistroa osatzeko eta euskal ikus-entzunezko ondarea gordetzeko helburuz, hautagaitzak kimuak.basqueaudiovisual.eus webguneko datu-basean gordeko dira.


HAUTAKETA BATZORDEA ETA IRIZPIDEAK

Aurkeztutako lanak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen arloko hiru profesionalez osatutako hautespen-batzorde independente bat eratuko da, genero aldetik orekatua izango dena. Kide bakoitza gehienez bi urtez jarraian izendatu ahal izango da.

Katalogoa gehienez zazpi film laburrez osatuta egongo da. Baloraziorako adierazleak eta horien gehieneko puntuazioa honako hauek izango dira:

  • Film laburraren interesa, gidoiaren kalitatea eta maila teknikoa eta artistikoa: 45 puntu
  • Proposamenaren arriskua, planteamenduaren originaltasuna eta hizkuntza zinematografikoa berritzeko gaitasuna: 30 puntu
  • Nazioarteko potentziala: 25 puntu

Hautaketa osatzen duen obra orok gutxienez 70 puntu lortu beharko ditu.

Katalogoan genero-, hizkuntza- eta eskarmentu-aniztasuna zaintze aldera, epaimahaiaren erabakiak honako hauek hartuko ditu kontuan:

  • Hautatutako film laburren %30ek, gutxienez, zuzendarien genero aniztasuna bermatuko dute.
  • Hautatutako film laburren %30, gutxienez, euskaraz eginak izango dira.
  • Hautatutako film laburren %15, gutxienez, zuzendariaren lehenengo, bigarren edo hirugarren lana izango dira.

Azken hautaketak, produktoreen aniztasun-irizpideei ere erantzungo die, ekoizpen-etxe edo ikastetxe beraren izenean aurkeztutako gehienez bi proposamenetara mugatuta.

Deliberazio data deialdia ixtean argitaratuko da eta hautaketaren emaitzak epaiaren hurrengo egunean emango dira jakitera.


HAUTATUTAKO FILM LABURREN BETEBEHARRAK

Hautaketak 4.000,00 euroko zuzkidura ekarriko du film laburraren ekoizlearentzat. Diru-zuzkidura hori honako kontzeptu hauek finantzatzera bideratuko da:

  • Banaketa-zerbitzuak kontratatzea edo esleitzea. Zerbitzu espezializatuak kontratatuz edo esleituz, film laburraren banaketa egokia bermatu beharko da. Lehentasunez, zerbitzu horiek kanpoko enpresa batek eman beharko ditu, eta enpresa horrek, gutxienez, hiru urteko esperientzia eta presentzia egiaztatu beharko ditu nazioko eta nazioarteko jaialdi eta merkatuetan. Kasuan kasuko kontratuak edo akordioak film laburra estatuko eta nazioarteko jaialdietan aurkezteko aurreikusitako estrategia jaso beharko du, hautatzen denetik 12 eta 18 hilabete arteko epean, bai eta hori betetzeko konpromisoa ere. Epe hori amaituta, produkzio-etxeak egindako banaketa-jardueraren memoria aurkeztu beharko du.
  • Film laburraren jatorrizko bertsioaren arabera, dagokion hizkuntzatan itzultzea. Film laburrak lau hizkuntzatan banatuko dira: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Ekoizlea izango da azpitituluak ingelesera eta frantsesera itzultzearen eta sinkronizatzearen arduraduna, bai eta gaztelaniara ere, jatorrizko bertsioa gaztelaniaz edo euskaraz ez badago. Bestalde, KIMUAKek bere gain hartuko ditu azpitituluak edozein hizkuntzatatik euskarara itzultzeko eta sinkronizatzeko gastuak, bai eta gaztelaniara ere, jatorrizko bertsioa euskarazkoa denean.
  • Banaketarako beharrezkoak diren materialak eta euskarriak sortzea (DCPa, artxibo digitalak eta abar).

Bestalde, KIMUAKen hautatutako film laburren taldeek kontratatutako banaketa-enpresa pribatuek (aurrerantzean, banatzailea) honako konpromiso hauek onartu eta bete beharko dituzte:

  • KIMUAKek euskararen eremu geografikoko (Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) zinemaldietan inskribatuko du film laburra eta bertan parte hartzea kudeatuko du. Jaialdi horietan izena emateko erabakia film laburraren lantaldearekin eta banatzailearekin adostuko da, banaketaren estrategia orokorrarekin bat etorriz. Banatzaileak euskal kultura lurraldetik kanpoko ekitaldiak hartuko ditu bere gain eta ez du inskripziorik egingo KIMUAKi esleitutako jaialdietan, erregistroak bikoiztu ez daitezen.
  • Banatzaileak bere txosten osoak KIMUAKekin adostutako periodikotasunean partekatuko ditu, eta KIMUAKek ere, bere aldetik, aldizkako txosten bat partekatuko du film laburraren lantaldearekin eta banatzailearekin.
  • Banatzaileak KIMUAKek onetsitako sustapen eta proiekzio materialak erabili beharko ditu. Material horiek euskarri guztietan agertu behar dituzte programaren logotipoa eta Basque.Audiovisual markaren elementuak.

Film laburraren lantaldeak bermatu eta gainbegiratuko du banatzaileak konpromiso hauek betetzen dituela. Edozein gatazka KIMUAKek ebatziko du.


HAUTATUTAKO FILM LABURREN BESTELAKO KONPROMISOAK

Katalogoa, izena emateko plataformak, eta bestelako euskarriak dokumentatzeko beharrezko materiala (sinopsia, fitxa tekniko-artistikoa, zuzendari(ar)en biofilmografia, argazkia eta agiriak, filmaren argazkiak, posterra eta trailerra) webguneko eremu pribatuan hautatuentzat gaituko den formulariotik hartuko da. Formularioa behar bezala beteta egon beharko da KIMUAKek ezarritako epean.

KIMUAKen logotipo harmonizatua eta Basque.Audiovisualen gortina hasierako kredituetan sartu beharko dira, bakoitza bere banakako kartela batean, eta proiekzio-euskarri guztietan agertu beharko dira, salbuespenik gabe. Era berean, KIMUAKen eta Basque.Audiovisualen logotipo harmonizatuak afixa ofizialean eta sustapenerako bestelako materialetan gehitu beharko dira, bai eta informazio- eta zabalkunde-elementuetan ere.

Hautatutako film laburren ordezkariek KIMUAK aipatzeko konpromisoa hartzen dute beren filmekin zerikusia duten publizitate- eta prentsa-material guztietan.

Filmen arduradunek materialak entregatzeko KIMUAKek ezarritako epeak bete beharko dituzte. Arau-hauste larria gertatuz gero, KIMUAKek filma baztertzeko erabakia hartu dezake.

Hautatutako film laburrek beren proiekzio eskubideak laga beharko dizkiote KIMUAKi, esklusibotasunik gabe, helburu promozionala, didaktikoa zein kulturala izan dezaketen irabazi asmorik gabeko emanaldietarako.

Euskadiko Filmategiari film laburraren kopia bat eman beharko zaio urte honetako abenduaren 31 baino lehen, jatorrizko bertsio osoa epe luzean gordeko dela bermatzeko.


ESKLUSIBOTASUNA

Film labur bat KIMUAK 2026 egitasmoan hautatua izateak esan nahi du aipatutako katalogoan esklusibotasunez jasoko dela, eta beraz, ezin izango da izaera publikoko beste katalogo batean jaso.


AZKEN XEDAPENAK

KIMUAKek ez du irabazi asmorik. Film laburrak jaialdietan sustatu eta banatzeagatik sortutako diru-sarrera guztiak egileei emango zaizkie oso-osorik.

KIMUAKek beretzat gordetzen du eskubidea informazioa isilean gorde duten film laburrak baztertzeko.


OINARRIAK ONARTZEA

Film laburra deialdi honetara aurkezteak oinarri hauek automatikoki eta osorik onartzea dakar.

 

      
     FAQ

  • Izena emateko epea:
    2026/04/21 - 2026/05/15
  • Garapen fasean dagoen proiektu bat inskribatu dezaket?
    Filmak amaituta aurkeztu behar dira, behin betiko muntaketarekin.
  • Work in progress bat bidal dezaket?
    Bai, baldin eta muntaketa behin betikoa bada. Film laburra hautatuz gero, postprodukzioan bakarrik onartuko dira aldaketak.
  • Aurreko edizio batean aurkeztutako film labur bat inskribatu dezaket?
    Muntaian aldaketa nabarmenak egin badira bakarrik. Kasu hauetan, aurrez aurkeztutako materiala kontrastatuko da.
  • Film laburrak azpitituluekin aurkeztu behar dira?
    Nazioartekotzea errazte aldera, hautagaitza guztiak ingelesezko azpitituluekin aurkeztu beharko dira.
  • Feedbacka jaso dezaket?
    Epaimahaiak puntuazio-sistema baten bidez baloratzen ditu film laburrak, eta deliberazioan eskatutako gutxieneko puntuak gainditu dituztenak baino ez dira eztabaidatzen. Epaimahaiak ez du hautagaitza guztien banakako baloraziorik egiten.