Kimuaken ereindako haziak, liburu batean
2014-05-12
Ainhoa Fernández de Arroyabe, Nekane E. Zubiaur eta Iñaki Lazkano EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzen Fakultateko irakasleek Cortometrajes de Kimuak. Semillas del cine vasco ikerketa argitaratu dute Comunicación Social argitaletxearekin.
Liburuaren abiapuntua Kimuak programaren sorrera, garapena eta bilakaerak osatzen dute, nazioarteko nahiz estatu mailako zinemaldietan presentzia eta arrakasta lortu dituzten katalogoko film laburrei arreta berezia eskainiz. Halaber, euskal film laburraren inguruan eratutako sormen artistikoaren zein industriaren garrantzia nabarmentzen da.
Honez gain, ikergai izan diren ehundik gorako film laburretan ageri diren gai zein ildo narratibo eta formalen mapa orokorra eskaintzen da. Liburuaren egileek genero hibridazioa Kimuakeko filmen nortasun zeinurik nagusienetakoa dela egiaztatu dute, eta dokumental faltsuen ugaritasuna eta animazio esperimentalaren nagusitasuna ere azpimarratu dituzte.
Argitalpenaren muina ordea, Kimuaken lehen hamabost urteetan parte hartu duten hemezortzi zinemagile esanguratsuenen lanen analisiak osatzen du. Egileak hautatzeko orduan, ikuspuntu filmiko batetik interesgarrienak diren edo zinemaldietan ibilbide oparoena izan duten pelikulekin erlazionatutako zuzendariak hautatu dituzte. Izenburu hauen bidez euren egileen filmografian etengabe azaltzen diren lerro narratibo eta formalak azalerazten dira.
Argudio horiek oinarri harturik, hiru ikertzaileek Kimuak programan bi film labur edo gehiago dituzten zinemagileak aukeratu dituzte: Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Tinieblas González, David González Rudiez, Isabel Herguera, Ione Hernández, Igor Legarreta, Emilio Pérez, Oskar Santos, Koldo Serra, Begoña Vicario, Nacho Vigalondo eta Haritz Zubillaga, hurrenez hurren. Hauei egindako elkarrizketak, aukeratutako film laburren zein zinema sormen garaikidearen inguruan gogoeta baliotsuak eskaintzeaz gain, egindako analisien osagarri edo kontrapuntu dira.
Argitalpen honek beraz, formatu laburrak euskal zineman duen garrantzia eta kalitatea erakusteko asmoa du. Ezinbesteko irakurketa formatu laburra maite dugunontzat.
Liburua aurki egongo da salgai EAEko liburu-dendatan. Internet bidez ere eskura daiteke, argitaletxearen webgunean.