Osatu da Kimuak 2021 katalogoa
2021-06-07
Hautatu da jada Kimuak programaren 24. edizioan banatuko den film labur sorta. Zortzi izango dira Etxepare Euskal Institutuak antolatu eta Euskadiko Filmategia Fundazioak Zineuskadiren laguntzarekin kudeatutako euskal film laburren sustapena eta zabalkundea xede dituen ekimenaren parte izango diren lanak.
Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Vanesa Fernández –ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria–, Ainhoa Fernández de Arroyabe –Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea–, Víctor Lamadrid –Cantabria en Corto film labur sustapen-katalogoko arduraduna, Cantabria Film Commissioneko koordinatzailea eta Spain Film Commissioneko presidenteordea–, Alfonso López –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea– eta Ana Esperanza Redondo –Donostia Zinemaldiko Dokumentazio eta Film Departamentuko eta Hautespen Batzordeko kidea–.
Aurkeztutako 47 proposamenak aztertu eta honako film laburrak aukeratu dituzte:
- AZALETIK AZALERA, Mel Arranz.
- BERAK BALEKI, Aitor Gametxo.
- HELTZEAR, Mikel Gurrea.
- INNER OUTER SPACE, Laida Lertxundi.
- RESONANCIAS (OIHARTZUNAK), Iñigo Aranburu.
- TRUMOIAK, Iker Maguregi.
- UR AZPIAN LORE, Aitor Oñederra.
- ZERUA BLU, Lur Olaizola.
Katalogo berriak genero nagusiak jasotzen ditu, forma narratibo ezberdinetan landuta. Hizkuntzei dagokienez, filmetako hiru euskara hutsean daude, bik euskara beste hizkuntzaren batekin uztartzen dute (euskara eta ingelesa batek; euskara, frantsesa eta ingelesa, besteak), bat gaztelaniaz egina dago eta beste bat gaztelaniaz eta txineraz. Azken batek ez dauka elkarrizketarik.
AZALETIK AZALERA
Mel Arranz (Gasteiz, 1998) zuzendariaren lehen filma da AZALETIK AZALERA animazioa. Lerro eta formen artean, eskuek elkar ukitu, ezagutu eta esperimentatzen dute, azalen arteko mugak hautsi nahian.
Arranz Arte Ederretan graduatu zen EHUn. 2018 eta 2019 artean unibertsitate-trukea egin zuen Mexikoko UNAMekin, eta ordutik animazioa, bideo-artea eta soinu-artea izan ditu ardatz. Arte erakusketa ugaritan parte hartu du, besteak beste, Montehermoson, Zas Kultur Espazioan eta Amarika Aretoan egindako mostra kolektiboetan. Bere lan artistikoa sormen lantegien irakaskuntzarekin bateratzen du.
BERAK BALEKI
Martinek ilusioz betetzen du egunero lan egiten duen platoa. Bere bizitza pertsonalean, berriz, hutsune handi bat sentitzen du. Iñigo Aranburuk gorpuzten du euskarazko fikzio honen protagonista, eta Koldo Olabarri, Eneritz Artetxe eta Jokin Uribelarreak osatzen dute aktore-taldea.
Aitor Gametxo (Lekeitio, 1989) zinemagileak narratiba tradizionalak eta esperimentazio formala uztartu ohi ditu. Lan pertsonal ugari zuzendu, idatzi eta garatu ditu, horien artean Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2013, Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriarterekin batera zuzendua), El otro mapa de Abauntz (2015, Punto de Vista jaialdiko X-Films atalerako egina), Distantziak (2015, Jesus M. Palacios, Maddi Barber eta Cris Ezquerrarekin batera egina ZINEBI jaialdirako), Cicha Symfonia (2017) eta Hemen. Gaur. Berriz (2020).
HELTZEAR
Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago dira HELTZEAR filmeko protagonistak. Donostian gaude, 2000. urtean. Sara, 15 urteko eskalatzailea, alboan ez duen nebari eskutitza idazten ari zaiola, bere bizitzako igoerarik zailenerako entrenatzen ari da.
Mikel Gurreak (Donostia, 1985), bigarren film laburra du Kimuaken, 2015ean Foxes-ekin parte hartu ondoren. UPFn lizentziatu zen eta London Film Schoolen master bat lortu zuen. Bere film laburrak Montreal World Film Festival bezalako jaialdietan saritu dituzte, eta bere antzerkigintza Londresko Queen Elizabeth Hall eta Madrilgo Fernando Fernán-Gómez antzokietan estreinatu da. 2021eko udan bere lehen film luzea filmatuko du, Suro, Ikusmira Berriak, Sources2 eta Sam Spiegel Film Laben garatzen hasi zuena. Lehenago burututako lanen artean daude Txoria (2013), Rojo en el agua (2010), Los gatos del tejado (2009) eta Primo (2008).
INNER OUTER SPACE
Laida Lertxundi zinemagile eta artista ezagunaren azken pieza esperimentala da INNER OUTER SPACE. Gogoeta laburra da, barnekotasunaren eta ekologiaren, indibidualaren eta komunitarioaren artean kokatutako ideien geografiari buruzkoa.
Profesionalak ez diren aktoreek hainbat zentzumen-ariketa egiten dituzte, besteak beste, elkarrizketa telepatikoak, begiak estalita dituzten paseoak eta "Plain air" marrazkiak Euskal Herriko itsas paisaietan eta mendietan. Horrela, ukitzeko eta post-konfinamenduak markatutako errealitate batean egoteko nahia jartzen dute martxan. Helena Estrela, Ren Ebel, Martina Ruiz Ameztoy, Unai Ruiz Ameztoy, Kai Ruiz Ameztoy, Mariana Sánchez Bueno eta Jessica Leek hartu dute parte.
Laida Lertxundi (Bilbo, 1981) Los Angeles eta Euskadi artean bizi eta lan egiten du. 2012ko Whitneyko Bienalean eta SSIFF, Locarno, Toronto, Rotterdam, New York eta Gijon bezalako jaialdietan proiektatu dira bere filmak, baita New Yorkeko MoMa, Tate Modern eta Whitechapel Gallery (Londres) ere. Matadero Madrid, LUX (Londres), Tramway (Glasgow), FuturDome (Milan), fluent (Santander), Tabakalera (Donostia), Azkuna Zentroa (Bilbo), Marta Cervera, Katonah Museum of Art (New York), Los Angelesko Hammer Museum, Habanako Bienal eta Lyongo Biennale museoetan erakusketak egin ditu. Bere Landscape Plus (Mousse Publishing y fluent) liburua 2019an argitaratu zen. Bere lana LUXek banatzen du Londresen eta Reina Sofia Arte Zentroaren bildumaren zati da.
RESONANCIAS (OIHARTZUNAK)
Iñigo Aranburu zuzendaria eta protagonista dela, fikzio labur honetan atzo grabatutako soinuak eta ahotsak gaur erreproduzitzen dira erresonantzia kaxa handi batean.
RESONANCIAS (OIHARTZUNAK) Iñigo Aranburu (1971) aktore donostiarraren lehen lana dugu. Aktore bezala, Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi), Hil kanpaiak (Imanol Rayo), Los europeos (Victor García León) eta Diecisiete (Daniel Sánchez Arevalo) filmetan egindako lanak nabarmendu behar dira. Kimuak 2019 aukeraketaren parte izan zen Mateoren ama (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga) film laburraren protagonista izan zen, eta Zinema Culpable de Vila-real jaialdian (Castelló) aktore onenaren saria jaso zuen.
TRUMOIAK
Bi anai hondartzan jolasten dabiltza petardoekin. Jabegabe dirudien autokarabana bat aurkitu eta barrualdea aztertzen dute. Arriskuak erakartzen ditu, hori da haien harremanaren oinarria. Peio Bilbao, Tasio Bilbao eta Daniel Gómara dira fikzio honen antzezleak.
Iker Maguregi (Getxo, 1996) Ikus-entzunezko Komunikazio graduduna eta Zuzendaritzan espezializatua da. Azken otsoa (2018) gradu amaierako lana, ZINEBIn eta Zaragozako Zinemaldian aukeratua izan zen, besteak beste. ESCACen burutu berri duen Zinema Zuzendaritza Masterreko lana da TRUMOIAK.
UR AZPIAN LORE
Animazio honen protagonista bakarrik dago, eta inori kontatu ezin dion sekretu bat dauka.
Aitor Oñederrak (Deba, 1983) bigarren aldiz hartzen du parte Kimuaken, I Said I Would Never Talk About Politics-ekin parte hartu baitzuen, 2015ean, katalogoan. Bestalde, Beti bezperako koplak (Kimuak 2016) eta Areka (Kimuak 2017) obra kolektiboetan ere esku hartu zuen.
Oñederrak kezka artistiko asko ditu, ikus-entzunezko arteen bidez adierazten dituenak. Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta 2008an Animadeba Animazio Zinemaldiaren Nazioarteko Jaialdia sortu zuen. 2009tik ikus-entzunezko sortzaile eta ilustratzaile gisa lan egiten du.
ZERUA BLU
> 1954ko urtarrilaren 24ea, 22 urteko Mamaddik itsasontzi bat hartu zuen Le Havretik New Yorkera. Baina bere bidaia lehenago hasi zen herriko zinean, pantailatik atera eta inoiz desagertzen ez diren irudiekin: Cadillac ederra, neska gaztea, zerua blu.
Euskara, frantsesa eta ingelesa uztartzen dituen dokumental hau, Lur Olaizola (Donostia, 1988) zinegile eta programatzailearen bigarren filma da. Pasa den ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian estreinatu zen eta Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia eskuratu zuen.
Lur Olaizola Tabakalerako zinema departamentuko koordinatzailea eta Elías Querejeta Zine Eskolako irakaslea da. Zinegile gisa Xulia (2019) piezarekin hasi zen eta Hirugarren koadernoa proiektuan lanean ari da. "Hasieratik. Zinema feministaren historiak" zikloa programatzen du Tabakaleran eta Artiumen.
Hautatuak suertatu diren film labur hauek nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira gaurtik hasita.